XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Makinen etxea harlangaitzez egina dago eta bi isurialdeko teilatua du; ez du elementu apaingarririk eta baserri-ingurunean erabat integratuta dago, gainontzeko etxeen itxura bera baitu. Presa, grabitatezkoa, Elorregi Jauregiaren ondoan dago eta harlanduz egina egoteaz gain, lauzak ditu gailurrean, ubidea ez dago estalita eta presaren eskuinaldetik irteten da, harlangaitzez eginda dago eta makinen etxeraino 300 bat metroko ibilbidea egiten du.

Gaur nahiko egoera tamalgarria du konplexu osoak.

4.2. MEATZARITZA LEGAZPIN: KATABERA-UDANA BARRUTIA 16 Herreras B. Zaldua, J.: Estudio histórico-patrimonial del Coto Minero de Katabera-Udana 1994 Legazpiko Udalarentzat egindako txostena.

Katabera-Udanako meatzaritza-instalazioak bi zonatan banatuta daude: alde batetik, Aizkorriko mendizerran, Legazpi eta Oñati artean Urola eta Deba ibaietako uren banalerroan, Urrebeatza eta Biozkornia deituriko inguruneetan eta, bestetik, Udanako gainean.

Inguru hori ustiatzen hasi ziren lehen urteetako datuak oso urriak dira. Aspaldidanik esaten omen zen Aizkorrin artzainek harri distiratsuak aurkitzen zituztela baina ez dakigu garbi noiz hasi ziren inguru hartan zegoen mineral-aberastazunari buruzko kontuak. Dena den, XIX. mendeko 50eko hamarkadan agertu zen inguru honetan Real Compañia Asturiana de Minas delakoa.

Hasiera batean meatzeen ustiaketa modu tradizionalean egin zen eta konpainiak ez zuen inolako ordezkaritzarik herrian.

1864an, barruti horretan minerala ateratzeko ardura zuten meatzariak hauek ziren: Joan Jose Aranguren kontramaisua, Inazio Maria Elorza, Lorenzo Gerra, Jose Maria Goya, Agustin Legorburu, Joan Migel Gaztañaga eta Frantzisko Inazio Iñurritegi. Kalamina eta galena ateratzeko lana urtean sei hilabetez luzatzen zen eta gero aipatutako konpainiari saltzen zitzaion.

Koiuntura politikoa aldatzean, 60ko hamarkadaren bukaeran, meategiak ustiatzeko baldintzak aldatu egin ziren eta 1872an Miguel Tabuyok, Real Compañia Asturiana de Minas enpresako ahalduna zenak, meategiak ofizialki erregistratu behar izan zituen: 1872 urtean, zink eta beruna lantzen zuen Catavera meategia erregistratu zen eta 1874an Catavera 1, Catavera 2 eta Catavera 3 meategiak erregistratu ziren.

Bigarren Karlistadak probintziako industri ihardueraren etendura ekarri zuen eta, jakina, meatze ustiaketan ere eragina izan zuen.

Armada karlistak hartu zuen Kataberako meategien ardura. Handik beruna atera eta Olazarrako burdinolan urtzen zuten; behin barrak egin ondoren Azpeitiko arma-lantegira eramaten zuten, bertan gerrarako beharrezkoak ziren produktuak sortzeko.

Egoera hartan, Olazarrako burdinolan, Pedro Alejandrino de Recondoren zuzendaritzapean eta Gipuzkoako Diputazio Karlistako injineruen laguntzarekin, bi labe, labegarai bat eta kaltzinazio-labe bat egin ziren.

Bigarren Karlistada amaitu zenean, 1876an, Real Compañia Asturiana de Minas delakoak hartu zuen berriz ere meatze ustiaketaren ardura. Mendearen azken 25 urteetan Iva eta Duru meategien eta inguruko lursail txikien edo demasía delakoen mugaketarekin jarraitu zuten.